1843ko bidaia
Victor Hugo PasaianVictor Hugo Pasaian
1843. urteko udaran, Victor Hugo-k (1802-1885) ez zuen erabaki herri hau bisitatzea, kasualitatez aurkitu baikintuen. Pirinio mendebaldeetan barrena bidaia bat egiten ari zen, eta Donostian paseatzen zegoela, Ulia mendian zehar, Pasai San Pedro-ra iritsi zen. Txalupariak, "Pasaia berria eta zaharra"-ren arteko komunikazioan arduratzen ziren emakume ausart hauek, hona ekarri zuten Victor Hugo, eta bere inguruan ikusten zuen guztiaz liluratuta, denboraldi bat igarotzea erabaki zuen, hain zuzen, gaur egun Pasai Donibanen aurkitzen den Victor Hugo deritzon etxean. Behatzaile ona izanik, bere ingurunearen deskribapen aparta egiteko aukera ez du galtzen, errealismoa, errespetua, humanismoa eta gogo bizia nahasiaz, baita ironia ere erabiliaz.
Bere bidaiaren idatzi eta ohartxo guztiak Koldo Izagirrek euskaratuak, "idi Orgaren Karranka" (Elkar, 2002) liburuan azaltzen dira. Victor Hugo-k berak egindako irudi batzuk ere gehitzen ditu.
Pertsonaia ospetsu ugarik Pasaian eta Euskal Herrian izandako egonaldiak jasota geratu dira: Humbold, Flaubert, Navagiero, Taine, Sthendal, Gautier, Mérimée-k... besteak beste, deskribapen bikainak utzi zituzten. Horrez gain, Victor Hugo-k umiltasun eta duintasun handiz egin zituen Pasaiako deskribapenak:
"Zeru distiratsu baten gainean gailurrak nabarmentzen zituen mendi handi berdeen errezel bat; mendi hauen orpoan, etxe lerro bat estu elkarganatua; etxeok denak zuriz, azafraiz, berdez, teila harroko teilatu zabal gorrixken luzapenak babesturiko balkoi handikoak bi edo hiru solairutan; balkoi horietan guztietan milaka gauza igerian: arropa idortzen, sareak, zapi gorri, hori, urdinak; etxe hauen orpoan, itsasoa; ene eskuinean, maldaren erdian,etxe txuri bat; ene ezkerrean, lehen planoan, beste mendiaren orpoan, beste etxe multzo bat dorre zahar desegin batera ematen zuten balkoiekin; forma orotako itsasontziak eta neurri orotako txalupak etxeen aitzinean paratuak, dorrearen pean lotuak, badian zihoazela; ontzi horietan, dorre horretan, etxe horietan, eliza horretan, zapi horietan, mendi horietan eta zeru horretan, bizitza bat, mugimendu bat, eguzki bat, aire bat eta ezin esan ahalako poztasun bat: horra hor zer neukan begi bistan.
Alegeratasunaren eta handitasunaren ezaugarri bikoitza duen orok bezalako leku atsegin eta liluragarri hau, ikusi dudan ederrenetarikoa den leku ezezagun hau eta ezein touriste-k bisitatzen ez duena, Suitzan balego mirestua eta Italian balego ospetsua izanen litzatekeen lehor-itsasoko leku apal hau, Gipuzkoan dagoelako ezezaguna, noraezean heldu nintzen non nintzen ez nekien Eden distiratsu ttipi hau Pasages da espainieraz eta Le Passage frantsesez".
Victor Hugo literatura arloan gaitasun apartekoa izateaz gain, kausa unibertsal handien aldekoa izan zen. Bere biografiak nortasun konprometitu baten jarrera islatzen du (20 urtetan zehar erbesteratua egon zen), bere bibliografiak samurtasunaren laztana, bere sentikortasun sakona, bere idealismo ameslaria..., hitz ederrak ez zizkigun bakarrik opari, bere kontenplazioa ere erakutsi zigun, arimari huts egin gabe behatzea, eta hala egiaztatzen dute Pasaiako biztanleei eta etxe honi buruz egin zituen deskribapenek:
"Bizi naizen etxea karrikara ematen duten dotoreenetarikoa da eta aldi berean golkora ematen duen alaienetarikoa. (...)Nagoen etxeak bi solairu eta bi sarrera dauzka. Bitxia eta berezia da inon berezirik bada, eta goien gradura eramaten du Pasaiako etxeen ezaugarri bikoitza. Monumentaltasuna arloteriari josi zaio. Jauregi bati nahasi eta atxiki zaion txabola da.(...)Baina iduri luke honek guztiak lur jo behar duela. Paisaia ikusten uzten duten pitzadurak dauzkate hormek; goiko balkoiaren adreiluek beheko balkoia uzten dute ikusten; geletako zoruak okertu egiten dira oinpean.(...)Zur lodiak, ohol lodiak iltze lodiak dauzka, duela hirurehun urte moldegabe doituak eta josiak; dardara egiten dute zaharrez eta hala ere badute sendotik eta ikaragarritik. Esangura bikoitz honetan mehatxatzen du. Sabaileihorik ez, goitikako argi printza zehar bat izan ezik. Mailek, nolanahika eta trabesean paratutako oholez baldar konponduak, otsoendako tranpak ematen dute. Hondatua eta bikaina da batean. Lau hatz lodi izanen dituen ate, egituraz sendo, baina herdoilak janak, ixten du eskailera eta isolatzen, behar izanez gero, bigarren solairua lehenengotik. Berriro ere gotorlekua txabolan.
Zer diozue multzo honetaz? Tristea? Higuina? Izutzekoa? Ba ez, zoragarria da.
Hasteko, ez dago hau baino ustekabeagorik. Inon ikusten ez den bezalako etxea duzu hau. Etxe zatar batean zaudela uste duzunean, eskultura batek, fresko batek, apaingarri hutsal eta dotore batek ohartarazten dizu Jauregi batean zaudela; liluratu egiten zara luxua eta grazia den detaile horrekin, eta sarraila baten marraka marrantatuak pentsarazten dizu kartzela batean zaudela; bazoaz leihora, hona hemen balkoia, hona hemen lakua, Zug-eko edo Lucerna-ko txalet batean zaude.
Horretaz gain, bizileku berezi honetan sartu eta zapart egiten du egunak; distribuzioa alegera, erosoa eta orijínala da; itsasoko aire gaziak garbitzen du; eguerdiko eguzki garbiak idortu, berotu eta biziagotzen du. Dena bihurtzen da alai argi alai horretan."
1843. urtean egindako bidaian bere bizitzaren inguruabarrak aipatzekoak dira, hain zuzen, bere Leopoldine alabaren eta Charles suhiaren heriotzak, irailean gertatu ziren, eta egun batzuk geroxeago berri hau ezagutu zuen. Zorigaitz honek, atzerakada bat izan ez ezik, bere bizitzan eta bere obretan aldaketa nabarmena izatea ere eragin zuen.(10 urte inguru pasa behar izan ziren obra berriak argitaratzera itzultzeko, jarrera tragikoagokoak izango zirenak).
Pasaiari buruzko testu osoa