Victor Hugo Museo-Etxea VH etxea Historia

Historia

1843ko udan Victor Hugok etxe honetan ostatu hartu zuenean, ezin zuen imajinatu ere egin hainbat urte geroago bere bidaia-oharrak hain preziatuak izango zirenik eta hainbat bisitari erakarriko zituztenik, idazlearen arrastoen bila. Idazlea jaio zeneko mendeurrenarekin batera, erbesteratutako bi diputatu frantziarrek, Paul Déroulèdek eta Marcel Habertek, Victor Hugoren munduko lehen etxea inauguratu zuten, 1902ko abuztuaren 14an, eta hainbat objektu erakusgai jarri zituzten bertan, Frantziako dohaintzen bitartez bildutakoak. Horrela hasi zen etxearen historia.

Exterior Casa de VH y habitación

Handik aurrera, Victor Hugoren etxea aldizka ireki dute garaiaren arabera, baina nolanahi ere idazlearen izena betiko geratuko da Pasaiako herriaren oroimen kolektiboan. Etxearen jabe guzti-guztiek omenaldia egin diote idazleari, balio literario eta pertsonal handia izanik, herrian eta herriari buruz idatzi zituen testuengatik eskerrak emateko.

Berrogeiko hamarkadan, Antonio Orueta jauna arduratu zen jatorrizko bilduma horren objektuak jendaurrean erakusgai jartzeaz, eta hainbat objektu eta altzari ekarri zituen horretarako. Ondoren, 1977an, egun Kutxa esaten diogun erakundeak etxea erosi zuen, museoa berriz ere ireki zuen, eta bilduma zaintzeaz arduratu zen.

Garai hartan hainbat jardunaldi antolatu zituzten, pertsona ospetsu ugarien parte-hartzearekin, 1985ean idazlea hil zeneko mendeurrena ospatzeko, eta, horri esker, Hugok Pasaian emandako iritziei buruzko informazioek, mota guztietakoek, hedapen handia lortu zuten.

1999an, Oarsoaldea Eskualdearen Garapenerako Agentziak turismo-informazioko bulego bat ezarri zuen aldi baterako Victor Hugoren etxean, eta dagoeneko bulego iraunkor bihurtu da. 2001. urtetik, Oarsoaldearen turismo-departamentua arduratzen da etxea kudeatzeaz.

2002. urtea berezia izan zen Pasaiarentzat, Victor Hugo jaio zeneko bigarren mendeurrena ospatu zelako. Hainbat hitzaldi, emanaldi, erakusketa eta abar programatu zituzten, eta guztien artean nabarmentzekoa da kaleko antzezlana, herriko 80 estra baino gehiago bildu zituena: Hugoren bisitaldia antzezteaz gain, Hugoren lanik ezagunenetako (Parisko Notre Dame edo Miserableak) pasarte esanguratsuenetako batzuk jaso zituen antzezlanak.

Egun horretatik aurrera, museo-aretoa edukiz hornitu da bertakoen eta kanpotarren gozamenerako, idazle apartak "lehor-itsasoko leku apal honetara" egin zuen bisitaldi labur baina trinkoaren balioaren berri emateko, Hugoren testuek ez dutelako gaurkotasunik galdu, besteak beste.

 

Casa/Maison VICTOR HUGO ETXEA/house
Pasaiako Turismo Bulegoa-Oficina de Turismo de Pasaia / Office de Tourisme de Pasaia / Pasaia Tourist Office
Donibane, 63 - 20.110 PASAIA [Gipuzkoa] Tel.: + 34 943 341 556 - Fax: + 34 943 341 777