BiografiaBiografia
1802, otsailaren 26a, Besançonen, Victor-Marie Hugo jaio zen, Léopold-Sigisbert batailoi buruaren eta Sophie-Françoise Trébucheten semea. Apirilean, familia Marseillara joan zen, erregimentuarekin batera. Azaroaren amaieran Sophie Parisera joan zen, senarra gizonezko hiru semeekin utzita.
1803, urtearen amaieran, Sophie Elba uhartera joan zen semeen bila, eta Parisera eraman zituen.
1807, familiak bidaia laburra egin zuen Napolira, Léopold bertan baitzegoen Josef Bonaparte erregearen zerbitzuan.
1811, Sophie Madrilen bildu zen senarrarekin. Ordurako jada Espainiako erregea zen Josef Bonaparteren zerbitzuan jarraitzen zuen Léopoldek. Euskaditik ibilaldi laburra egin zuten; besteak beste, Gipuzkoako Hernani herritik igaro ziren, eta ondorenean izen hori erabiliko zuen Hugok bere drama ospetsua izendatzeko.
1812, Pariserako itzulera. Senar-emazteak behin betiko banandu ziren. Abel, seme nagusia, aitarekin geratu zen.
1815, Léopoldek bi seme txikiak, Eugène eta Víctor, Cordier ostatuan utzi zituen, eta bertan jarraitu zuten 1818ra arte.
1821, amaren heriotza. Aitarekin harremanetan hasi ziren berriz ere, hura bigarren aldiz ezkondu ondoren.
1822, Victor Hugo Adèle Foucher andrearekin ezkondu zen. Bost seme-alaba izan zituzten: Léopold (1823an jaio eta hil zen), Léopoldine (1824-1843), Charles (1826-1871), Victor, François-Victor esaten ziotena (1828-1873), eta Adèle (1830-1915).
1828, Hugo jenerala, poetaren aita, hil zen.
1830, Sainte-Beuve, literatura-kritikaria eta Victor Hugoren laguna, Adèlerekin maiteminduta zegoen, eta litekeena da haren maitalea izatea.
1833, Víctor Hugo Juliette Drouet aktore gaztearen maitale egin zen.
1834, Julietterekin lehen bidaia luzea, Bretainiara.
1840, Bidaia Belgikatik eta Alemaniatik. Napoléonen errautsak Frantziara itzuli ziren.
1841, Frantziako Akademiarako hautatu zuten.
1843, Léopoldine Hugoren ezkontza. Bidaia Euskal Herritik eta Frantziako Pirinioetatik. Bidaia eten zen, ordea, ustekabean Pasaian egun batzuk geratzeko erabakia hartu zutelako. Víctor Hugok egunkarien bitartez izan zuen bere alabaren heriotzaren berri.
1845, Victor Hugo bizkondea, Frantziako pare izendatu berria, in fraganti harrapatu zuten Léonie Biardekin, eta adulterioa leporatu zioten. Juliettek, ordea, zalaparta publikotik urrun egonik, ez zuen horren berri izan. Victor Hugok nobela bat hasi zuen, Les Misères.
1848, Batzar konstituziogilean hautatu zuten, uztailaren matxinadan legezkotasunaren alde atera zen, errepresioaren gehiegikeriei aurre egin zien, eta Louis-Napoléon Bonaparteren presidentziarako hautagaitza babestu zuen.
1849, Hugo Legebiltzarrean hautatu zuten.
1851, 1850etik Ganberaren gehiengo erreakzionarioari eta presidentearen handinahi inperialistei aurre egin ondoren, Victor Hugok aurka egin zion abenduaren 2ko estatu-kolpeari. Ozta-ozta ihes egin zuen atxilotu nahi zutenen eskuetatik, eta Bruselan bilatu zuen aterpe; ondorenean, Juliette bertara joan zen harekin biltzera.
1852, Hugo Bruselatik Jersey uhartera joan zen.
1855, Victor Hugo uhartetik kanporatu zuten, Jersey uharteko beste hainbat erbesteratuk egindako aldarrikapen baldarrarekin bat egin ondoren, eta Guernesey uhartera jo zuen; handik gutxira, bertan etxea erosteko erabakia hartu zuen.
1856, "Hauteville House" erosi zuen.
1859, Amnistia ukatu zioten.
1861, "Miserableak" lana idazteari ekin zion berriz ere, eta Waterloo eskualdera joan zen zeregin horretan murgiltzeko.
1863, Adèle alabak familiaren etxetik alde egin zuen, "bere bizitza bizitzeko" asmoarekin.
1865, Hugoren andrea Bruselan bildu zen bere semeekin.
1868, Georges Hugo biloba jaio zen, Charlesen semea. Victor Hugoren emaztea hil zen.
1869, Jeanne jaio zen, Charlesen alaba.
1870, irailaren 5ean Victor Hugo Parisera itzuli zen, Errepublika aldarrikatu zuten egunaren biharamunean.
1871, Pariserako diputatu hautatu ondoren, setiatutako hiritik irten zen Hugo, eta Bordelera jo zuen, Batzar Nazionala zegoen hirira. Martxoaren 8an dimititu zuen. Bruselara joan zen, bat-batean hildako Charles semearen ondorengotza konpontzeko, eta La Comunneren nondik norakoekin ados ez bazegoen ere, errepresioaren lazgarrikeriak eskandalizatu zuen. Jazarritako komuneroei asiloa eman zien, eta Belgikatik kanporatu zuten; handik, Luxenburgorako bidea hartu zuen.
1872, Adèle, erotu ondoren, Parisera itzuli zen. Hugo Guerneseyera itzuli zen.
1873, Pariserako itzulera. Krisi larria Julietterekiko harremanetan. François-Victor hil zen.
1876, Senatari hautatu zuten. Hugok aurrera jarraitu zuen heriotza-zigorraren aurkako borrokan, baina alferrik.
1877, Prestatzen ari ziren estatu-kolpe baten aurka borrokatu zen.
1878, Victor Hugok garun-kongestio bat jasan zuen. Azken egonaldia Guerneseyen.
1880, Komuneroei amnistia ematearen aldeko botoa; Hugo etengabe borrokatu zen horren alde.
1883, Juliette Droueten heriotza.
1885, Victor Hugoren heriotza, maiatzaren 22an.
Igo